• Erraldoiaren anatomia
  • DATUEN FITXA ETA ZATIEN DESKRIBAPENA
  • FITXA:
  • Tailer honetan eraikitzen direnetatik erraldoi, esan dezagun, ertain baten ezaugarriez hitz egiten dute datu hauek. Handiagoak eta txikiagoak, astunagoak edo arinagoak ere egon daitezke, kasu bakoitzean eskatutakoaren arabera, jakina. Esan behar da, jende txikientzako (haurrak) erraldoiak ere egiten direla eta horien parametroak txikiagoak eta oso aldakorrak direla.
  • - ALTUERA: 3,50 eta 3,75 metro artean (lurrean)
  • - PISUA: 25 eta 35 kilo artean. (ehunen, osagarrien… arabera)
  • - Dantzarako orekatzea.
  • - Desmuntagarria.
  • - Eramaileari egokitzea.
  • Ezta giza gorputza ikasteko ikasgai bat izango, ezta analisi zehatza eta antzekorik ere. Jose Saramagoren terminoa kontuan harturik, nire “kreaturetako” baten zatikatze odolgabea izango da. Erraldoi baten zatiak dira, Garatek eraikitzen dituenetako Erraldoi bat, egiteko era horri bakarrik erantzuten diona. Zalantzarik ez dago, egongo dira beste era batera egingo luketenak edo egiten dutenak. Egileak ontzat hartzen du hau, beste aukera batzuk baztertu gabe beti ere. Goazen, bada, zatikatzera:
  • 1- BURUA
  • 2- GORPUTZA
  • 3- BESOAK - ESKUAK
  • 4- ASTOA
  • 5- JANTZIAK
  • 6- OSAGARRIAK
  • 7- ERRALDOI TXIKIA
  • BURUA
  • Pertsonekin gertatzen den bezala, erraldoiaren buruak zeresan handia du banako jakin horren inguruan. Hantxe dago aurpegia, arimaren ispilua nonbait. Aurpegian dago espresio indar handiena. Aurpegian nabaritzen dira adin, sexu eta arraza ezaugarriak eta baita gogo aldartea ere. Gorputzaren zati nagusia da, batzuek eta besteak bereizten gaituena. Irudikatzen gaituen atala da. Horrenbestez, erraldoi baten buruak hori guztia islatu behar du. Horretarako, eraikitze prozesu osoan guztiz kontuan eduki behar dira pertsonaia eta haren ezaugarriak, beste atalean azaldu bezala, moldatzetik hasi eta margotu arte.
  • “Pieza” hori gorputzetik bereiz daiteke errazago garraiatu eta gordetzeko edo noizbait konpondu behar bada ere.
  • GORPUTZA
  • Gorputzik gabe, soina besterik ez genuke izango. Gorputz horrek sexuak bereizten ditu, forma desberdina izateagatik, jakina, zoologoek “sexu dimorfismoa” deitzen diotena, aurpegian ere ematen zena. Gorputzean egokitzen dira jantziak, gogoan eduki dezagun erraldoi horiek behealdean ez dutela zangorik. Guztiz garrantzitsua da erraldoiaren zati hori, giza gorputz enborrari dagokiona, nabarmentzea eta forma naturalak areagotzea ere, era horretan lortuko baita irudiaren bolumena nabarmentzea. “Pieza” hori ere desmunta daiteke, burua bezalaxe. Azpiko aldetik astoari josia egoten da burdineria eta torlojuen bidez. Gorputzari loturik egoten dira burua eta besoak, eta behar izanez gero, osagarriak ere.
  • BESOAK - ESKUAK
  • Erraldoiaren gorputz adarrak dira, lehen esan bezala, zangorik ez baitu. Gorputz adar horiek izan ohi dituzten egitekoak dituzte hauek ere, baina gainera, erraldoien kasuan bolumena ematen diote zabaleran, eta horrekin ikusgarriagoa izaten da irudia. Besoak gorputzari lotzen zaizkio sorbaldetatik. Irudiaren gainerakoaren antzera egiten dira horiek ere, baina janzteko lana erraztu eta kolperen bat hartuz gero ez hausteko modukoak izan behar dute.
  • ASTOA
  • Hauxe da irudiaren beheko aldeko pieza, erraldoiak oinarri duen euskarria, hain zuzen ere. Hainbat materialez egina izan daiteke, zumea, burdina, aluminioa edo zura. Egileak azken bi horiek aukeratzen ditu gehienetan, eta bereziki zura, baina ez edozein zura. Pisu ertainekoa izan behar du irudiaren egonkortasunean eraginik ez izateko, solidoa izan behar du, baina era berean behar du halako malgutasun bat. Ez dugu ahantzi behar horixe dela “lan” gehien egiten duen pieza. Erraldoiaren gorputzaren beheko aldean egokitzen da burdin batzuen eta sistema berezi baten bidez, azkar eta erraz muntatu ahal izateko, sendo finkatzeko aukera emateaz gainera.
  • Funtsezkoa da ulertzea asto hori erraldoiaren “kontrol gunea” dela birak egiterakoan, hantxe baitoa eramailea. Honek ez balu esku hartuko irudi bat besterik ez litzateke izango irudia, baina hari esker, “txotxongilo” bilakatzen da, “bizia ematen” baitio.
  • Ikuspegi horretatik begiratuta, eramailea erosoago egon dadin jarritako neurri eta ekintza guztiek, luzitzeko aukera emango diote Erraldoiari. Alderdi hori oso ongi aztertua dago tailer honetan, egokitzeko moduko gurutzebeso sistema eta uhalen bidez egiten baita, gizakia egiturara egokitzeaz gainera, egitura hori ere gizakiaren gorpuzkera, gustu eta tekniketara egokitu dadin.
  • JANTZIAK
  • Haragi eta hezurrezko pertsonekin gertatzen den bezala, horiexek irudikatzen baitituzte erraldoiek, jantzia funtsezkoa da pertsonaia bat identifikatzeko. Aurpegiak “esaten” digunarekin eta objektu osagarriekin batera (horrelakorik baldin badu) jantziek emango diote “nortasuna” Erraldoiari.
  • Egiteko horrez gainera, Erraldoiaren jantziak gauza gehiago ere eskaini behar ditu. Irudiaren gorputzarrera egokitzeko modukoa izan behar du, erraz jantzi eta eranzteko modukoa, eta era berean, azkena aipatzeagatik ez baitu garrantzi txikiagoa, ikusgarritasuna eman behar dio irudiari, batik bat mugitzen denean. Horrexegatik, erraldoi batentzako jantzia diseinatu eta egiten denean, arreta handia jarri behar da, erabili beharreko ehunak aukeratzeko lanarekin hasi eta josturen erremateekin bukatu arte, “neurrira josteko” lanetik pasatuz beharreko proba guztiak edo behar diren elementu guztiak jartzeko botoi zuloak eginez.
  • OSAGARRIAK
  • Erraldoi guztiek ez dute osagarririk behar. Baina osagarri urri eta txikiak izan arren, beti emango diote “ukitu” bat erraldoiari. Esate baterako, lepoko batek, belarritako batzuek, eraztun batek edo betaurreko batzuek gizatiartu egiten dute irudia.
  • Osagarri arranditsuagoek, esate baterako, lan tresnak, ezpatak, kaskoak eta abar, prestaketa berezia eskatzen dute, horien pisuak eta bolumenak erraldoiaren erabileran eraginik izan ez dezaten. Nire tailerrean, oztopo horiek gainditzeko materialak erabiliz edo material horiek lortu nahi den helburua erdiesteko moduan landuz ematen diogu konponbidea konpromiso horri.
  • Horien adibide gisa, aipa ditzakegu, zurezko arotz kurrika batzuk, beira zuntzezko aizkora bat, xafla panelezko ezkutu bat eta beste asko, guztiak ere benetako materialez eginak ematen dutenak. Esan beharrik ez badago ere, erraldoi bakoitzari bere osagarriak egiten zaizkio gehienetan.
  • 7 – ERRALDOI TXIKIA
  • Erraldoientzako azaldutako kontzeptu eta ezaugarri guztiek balio dute “txikientzako” ere, tamaina izan ezik, jakina.