• Prozesua
  • Irudi bakoitza desberdina izan arren egitura aldetik beste batzuen antzekoa izanik, horiek egiteko prozesua ere oinarrian berdina izan arren ezberdina da kasu bakoitzean.
  • “Gauzatzeko”, hauxe da, ideia bat objektu material eta erreal (irudi) bilakatzeko beharreko teknikek eta materialek esku hartzen dute beharren eta formen arabera, elementu eta erabiltzeko modu desberdinei jarraiki.
  • Gainean eraman behar diren irudiak izanik logikoa denez, ahaleginak egin behar dira ahalik eta erosoenak izan daitezen, eta horrekin batean gogoan eduki behar dira edertasuna eta haiekin egin behar diren birak.
  • Kontuan hartu behar da irudi horiek epe luze samarra iraun behar dutela, eta horrenbestez, sendoak izan behar dute.
  • Gogoan eduki beharreko beste faktore batzuk dira leku batetik bestera nola eraman behar diren eta non gordeko diren, hauxe da, arropa erantzi eta desmuntatzeko aukera eman behar da.
  • Lan horiei pertsonalki ekiten zaie prozesu osoan, lehen zirriborrotik hasi eta azken ukitua eman arte.
  • Arte eta teknika baldintza horiekin, eraikuntza deituko diogun fasera pasako gara.
  • Eraikuntza prozesua honako era honetan deskriba dezakegu laburbilduta:
  • 1º. Irudikatu beharreko pertsonaia aztertzea, horretarako beharreko dokumentazio grafikoa eta testuak erabilita, abiapuntua ahalik eta hoberena izan dadin.
  • 2º. Tailer zirriborroak egitea, bai itxura orokorrarenak bai xehetasunenak. Zirriborro horiek ez dira marrazki bukatuak izango, krokis, eskema eta oharpenak baizik, eta ez beti euskarri konbentzionaletan, horien erabilera orientagarria baita tailerreko lanetan.
  • 3º. Burua buztinez modelatzea behin-betiko tamainan, euskarri gisa erabiliko den egitura batean. Lan honek dedikazio eta arreta handia eskatzen ditu, hortik sortuko baitira buruaren bolumena eta betiko proportzioak. Eskultura forma hori izango da, hain zuzen ere, azken irudian mantenduko dena.
  • Lanbide honetan ohikoak diren tresna xumeak erabiltzen dira lanaren fase honetan, esku eta hatzez gainera: burdin harizko hustaileak eta modelatzeko ziritxoak, forma eta tamaina desberdinekoak, gehienak berak eginak.
  • 4º. Beira zuntzez indarturiko poliesterrezko erretxinaren estratifikazioa egiten da, erretxin hori modelatuari egokiturik, aurreko urratsean lortutako forma eta bolumenak jaso ahal izateko. Material horiekin lan egiteko, instalazio, tresneria, erreminta, ekipamendu eta segurtasun neurri egokiak behar dira, inolaz ere. Bestalde, erretxinen polimerizazio prozesuak baldintzatu egiten ditu lan denbora nahiz gogortze denbora, eta gainera horretan zerikusia dute kanpoko tenperatura eta hezetasun baldintzek.
  • Ez da prozesuaren fase “atseginena”, baina irudirako behar diren ezaugarriek, pisu eta iraupenari dagokienean, egoki egiten dute material horien erabilera.
  • 5º. Behin ijezlana “gogortu” ondoren, haren buztinezko oinarria bereizi behar zaio, egitekoaren erresistentziak gaindituko dituzten ebaki estrategikoen bidez. “Erauzte” prozesu horren ondorioz erabilezin geratzen da buztinezko eredua, baina haren formak jadanik finkatuak geratuko dira poliesterrezko ijezlanean. Nolabait esateko, “molde galdua” deituriko eskultura teknikaren antzekoa da prozedura hau”.
  • 6º. Era horretan eginiko pieza izango da, behar bezala elkartu, moztu eta leundua, (kasu honetan) erraldoiaren betiko burua.
  • 7º. Azken fasea margotzea litzateke, pieza hori (burua) erraldoiaren gorputzari behar bezala lotu ondoren. Margotze lanak ere hainbat fase ditu, azalera egokitzearekin hasi pigmentuak behar bezala jaso ditzan, eta pintura, itzal, lausotze eta ñabardura efektu desberdinak lortu arte. Hori guztia irudirako pentsaturiko ezaugarriak, aurpegiko azalaren kolorea, espresibitatea eta abar, nabarmentzea lortzeko.
  • Batzuetan, burua apaintzeko beste elementu batzuk ere jartzen zaizkio, esate baterako, kapelua, belarritakoak, ile sintetikoa, betaurrekoak, adarrak edo beste zerbait.
  • 8º. Gorputza eraikitzea burua egiteko erabilitakoaren antzeko prozeduraren bidez poliesterrari dagokionean, baina gelaz bukatua, ez pinturaz. Gorputzaren forma egiteko, porex blokeak lantzen dira. Esan beharrik ez dago burua eta besoak jartzeko beharreko ahokatzeak egin behar direla. Era berean, eramailea joango den astoari behar bezala lotzeko sistemak jarriko zaizkio. Gorputz horretan jartzen da, gainera, beharreko burdineria, pertsonaiaren osagarriei, baldin baditu, eta behar izanez gero eskuei eusteko.
  • 9º. Erraldoiaren barruko egituratik astoa geratzen da egiteko. Zurezkoa edo aluminiozkoa izaten da. Material bakoitzak bere ezaugarriak ditu helburu bera izan arren, hauxe da, irudiaren beheko aldeko zati izatea gainean erraldoiaren gainerakoa eramateko, eta xede guztietan zailena, erraldoiaren “erabilera egitura” izatea. Azken xede hori betetzeko, guztiz garrantzitsuak dira astoaren diseinua eta forma. Gurutzebesoak eta euste puntu estrategikoak behar ditu, eta egoki daitekeen uhaleria sistema eramailearen sorbaldan eta buruan bermatzeko. Asto horrek, sendoa izateaz gainera, oreka mantentzeko laguntza osagarria eman behar dio irudiari, hori guztiz garrantzitsua baita ongi dantzatzeko.
  • 10º. Pertsonaiaren eta irudiaren tamaina handiaren araberako jantziak. Ez da bat ere erraza irudia behar dituen jantziez hornitzea, are gehiago erraldoiak janzten laguntzen ez duenean, jantzi horiek gorputzean ongi egokituta geratu behar baitute. Beste erronka bat da arropa horiek egoki jostea behar den guztietan jantzi eta erantzi ahal izateko. Lehentasuna ematen zaio erabilitako ehunen kalitateari, estetikari begira eta iraunkorrak izan daitezen. Baldintza horiez gainera, dantza egiterakoan, erraldoiaren jantziek ikusgarriak izan behar dute eta mugimendua erakutsi behar dute birak egiterakoan.
  • 11º. Osagarriek, beti ez badira beharrezkoak ere, osatu egiten dute, izenak dioen bezala, irudia. Izan ere, logikoa da errege batek koroa eramatea eta baserritar batek bere lan tresnaren bat eramatea.
  • Irudi batzuetan, guztia edo zati batzuk egiteko beste prozedura edo/eta material batzuk erabili behar izaten dira, zura, porexa, poliuretanoa, igeltsua, edo beste, bai zizelatu, eratu edo moldatuz.
  • Erraldoi bat eraikitzeko modu hori garbi dago ez dela apetatsua. Urrats bakoitza, lan bakoitza, egiteko modua eta erabilitako materiala, guztiz garrantzitsuak dira Erraldoiaren irudia osatzeko, horrek berekin daramatzan eskakizun guztiekin.
  • Atal hau bukatzeko, esan behar da, orrialde honetan deskribaturiko metodoak nahiz materialak, hainbat urtetako esperientziaren fruitu direla, eta batik bat, egileak berak garatutakoak direla. Ez dago zientzia zehatzik erraldoien eraikuntzaren inguruan eta esaerak dioen bezala “bere era du irakasle bakoitzak”. Oso entzuna da halaber “kolore guztiak denontzat ez dira berdinak” esaera eta espero dut nik margotzen ditudan kolore hauek zeure gustukoak izatea.
  • Xabier Garate